Ekonomia zirkularra izanen da protagonista Ingurumen Hezkuntzako Museoko Jasangarritasun Eskolaren neguko programazioan, eta hainbat lantegi nahiz hitzaldi izanen dira, baita dirurik gabeko ohiko truke-merkatuak ere. Ekonomia hitzak latinezko oeconomia berban du jatorria, eta horren esanahia da etxe bat gobernatzea. Jasangarritasun Eskolaren jarduera-programak gai desberdinak jorratzen ditu hiruhileko bakoitzean, eta oraingoan xede du Lurra, “gure etxea”, bestera kudeatzeko moduari heltzea.
Proposamenen bitartez agerian jarriko dira egunerokoan egin daitezkeen aldaketa ñimiñoak, hondakinak eraldatzeko eta baliabide bilakatu daitezen, konponketa eta berrerabilera jardunbide bihurturik, xede bat lortzeko: murriztea. Horrela, praktikan jarri nahi dira egiteko beste modu batzuk. Hori lortzeko, hainbat lantegi programatu dira honako hauek egiten ikasteko: oihalezko poltsak, konponketak etxean eta bizikletetan, etxearen garbiketa toxikorik gabe eta zuhaitzen kimatzea zein txertaketa.
Programazioak barne hartzen ditu, baita ere, energiari eta kontsumoaren eta indarkeria matxistaren arteko harremanari buruzko solasaldiak. Jarduera guztietan sarrera librea da, baina lantegietan izena aldez aurretik eman behar da 010 eta 948420100 Herritarrendako Arreta telefonoetan.
Programazioari hasiera emanen dio ostegun honetan, urtarrilaren 9an, Bizitxokoa-konpondu zure bizikleta lantegiak, bizikleta konpontzen ikasi eta ongi pasatzeko guneak. Jarduera hau hilero egiten da, eta Juanjo Iriartek dinamizatzen du, konponketetan aditua baita. Saioa 18:00etatik 20:00etara izanen da, eta sarrera librea da.
Izena emateko epea zabalik duten ikastaroak: soltean erosteko poltsak sortu eta konponketak etxean
Zabalik dago hiruhilekoko lehenengo lantegietan izena emateko epea. Lehenengoa Sortu soltean erosteko zeure poltsak izanen da, Jessica Ansorenaren eskutik. Urtarrilaren 21ean, asteartearekin, euskaraz izanen da, eta urtarrilaren 23an, ostegunarekin, gaztelaniaz, biak 18:00etatik 20:00etara. Helburua da hainbat neurritako oihalezko poltsak egiten ikastea. Poltsak sortzeko berrerabil daitezkeen oihal-motak ezagutuko dira, horrela erosketak soltean egite aldera, hura baita kontsumo arduratsua egiteko modurik onenetako bat.
Bigarren proposamena Konponketak egitea etxean lantegia da, urtarrilaren 22an, asteazkenarekin, 18:00etatik 20:00etara. Saio honetan Juanjo Iriarteren eskutik ikasiko dugu nola egin oinarrizko konponketa praktiko batzuk etxeko mantentze-lanak egunean-egunean izateko: elektrizitatea, brikolaje apur bat eta iturgintzako zenbait kontu.
Programazio osoa museoa webgunean